Garai hartako arkitekturan mugarria izan zen eraikina da. Bizkaian ordura arte egindako udaletxerik garrantzitsuena izan bazen ere, inoiz ez zaio merezitako garrantzia aitortu. Euskal Herriko herririk industrializatuenetako batean Udaletxe modernoa, bai eta epaitegiak ere eraikitzea zen asmoa. Izan ere, 1960. urtean 78.000 biztanle zituen herria dugu.
Bolumenari dagokionez, oso ondo artikulatutako eraikina egin zen, orube zabala osorik betetzen zuen T itxurako oinplanoan.
Udaletxearen sarbide nagusiaren aurrean patio zabal bat dago: lehen Foruen plaza eta egun Herriko Plaza izenekoa. Gorputz nagusiaren tratamendua eta horma-atal handien bidez eginiko fatxaden konposaketa nabarmentzen dira. Konfigurazio orokorrak eta xehetasunek arkitektura eskandinaviarra gogorarazten digute, eta bereziki, Jacobsen arkitekto danimarkarraren arkitektura.