San Bizente auzotik behera datorren muinoan kokaturik, Galindo ibaiaren ertz osoari begira, Lorategi Botanikoa dugu Barakaldoko ingurumen-bilberik handiena.
Bide Onera plaza
Gure ibilbidea Bide Onera plazan (1.a) hasiko da, Zuzentza Jauregiaren atzealdean, hain zuzen. Handik, Gernikako Arbola etorbidea hartuko dugu, bertan aurki daitezkeen arkupeak eta terrazak aterpe dira urteko edozein sasoitan kale zabal horretan barrena dabilen jende askorentzat. Kalearen amaieran, Lorategi Botanikorako (2.a) sarreretako batera helduko gara.
Lorategi Zuria
Lorategi Zuriko atea dugu uztai berdeak dituen sektoreetako baterako sarbidea. 65.000 metro karratu inguruko azalera du, eta 2002ko ekainaren 21ean inauguratu zen. Hor, Gereziondoen Bidean barrena ibil gaitezke, baita izei urdinak, edo Judasen zuhaitza ikusi, errododendroen aurrean jarri edo urruneko paisaiak gogoratu ere astigar japoniarren aurrean.
Urte-sasoiko lorategiak
Eremu hori zeharkatu ondoren, parkeko zirkulurik bitxienetakoan barrena goazela, Neguko lorategi eta basora helduko gara. Ondoren, lorategi Autoktonoa, Udazkenekoa, Udakoa eta Udaberrikoa ikusiko ditugu, aparteko espazio-andana zeharkatzen dugun bitartean. Umeentzako jolas-guneak eta norabide guztietara garamatzaten pasealeku eta bidexkak elkar-gurutzatzen dira. Bestalde, mundu osoko espezie botaniko ugarik liluratzen dituzte ikusmena eta usaimena. Jasminak eta ipuruak, mimosak eta izeiak, sekuoiak eta laritzak, urkiak eta intsusak, palmondoak eta makalak, akaziak eta sahatsak, horiek guztiak parkean dauden 1.200 zuhaitz eta landare moten adibide batzuk baino ez dira; izan ere, oraindik garapen bidean dagoen parkeak nolako paisaia lortu nahi duen erakusten digu, bere bizi-zikloaren bitartez .
Lorategi exotikoa
Eta horrekin guztiarekin batera, lorategi exotiko bat, landare usaintsuak, nenufarrak eta, parkearen bilbearen zati handi bat zeharkatuz, erreka txikiz osatutako sistema oso bat, ur-jauziak eta laku bat, begiratoki eta guzti, erlaitz berde osoaren gainean zabaltzen dena eta San Bizente etxe-orratzen eta Megapark merkataritza-gunearen gaineko bista bikaina eskaintzen diguna.
Argiztapenari dagozkion inguru honetako altzariak kontu handiz aukeratu dira (parkea goizeko 10:00etatik arratseko 21:00etara bitartean egoten da zabalik neguan): zuhaitzen adarrekin ez topo egiteko beso irtenak eta argiak zintzilik dituzten elementuak ez ezik altuera txikiko euskarri zuzenak ere, horien bidez lortuz baso-masen uniformetasuna, enkoadrea eta kokapena, bai eta bideak ezin hobeto ikustea ere. Horri guztiari esker, lasaitasuna eta patxada sumatuko ditu bisitariak, parkean paseoan ibiltzeko, egoteko eta gozatzeko gogoa ernaraziz.
Gernikako Arbola
Lorategi Botanikora sartu garen ate beretik irtengo gara. Handik, Gernikako Arbola etorbideari (3.a) jarraituko gatzaizkio, baina oraingoan, kontrako espaloitik abiatuta, eta Arteagabeitiako parkearen beheko aldea zeharkatutakoan, 11.000 metro karratu inguruko azalera duen Eskulturen Lorategira helduko gara. Hor, lehen, ortuak eta abandonatutako guneak zituen; gaur egun, ordea, aisialdi gune garrantzitsu bilakatuta, umeentzako jolastokia duen plaza nagusia ez ezik, alboetan lorategiak dituen pasealekua ere dauzka. Horrela bada, abiagunera helduko gara, Zuzentza Jauregiaren albora.